- Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatuta, jaialdiak 22. edizioa egingo du uztailaren 11tik abuztuaren 15era. Kontzertuez gain, erakusketa, bisita gidatuak, mahai-ingurua eta organoa “museo bizi” gisa aldarrikatzen duen egitaraua eskainiko ditu.
- Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa, Aquilino Amezua y Cía. etxeak 1910ean eraikia eta Eusko Jaurlaritzak berriki zaharberritua, lehen aldiz izango da jaialdiaren parte.
- 2026ko egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diren hamar kontzertu bilduko ditu. Horrez gain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Urdaibaiko Soinuak” erakusketa izango da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogile ospetsuari eskainia. Bisita gidatuak eta mahai-inguru bat ere antolatu dira.
- Urdaibaiko Organoak jaialdia sendotu egin da organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta zabaltzeko erreferente gisa, eta eskualdearen nortasunaren parte diren tresna historiko horien kultur erabilera sustatzen jarraitzen du.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu du gaur goizean “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiaren 22. edizioaren aurkezpena. Aurtengo jaialdia uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo da, “Organoa, museo bizia” lelopean. Aurkezpenean izan dira Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria.

Aurkezpenean azpimarratu denez, Urdaibaiko Organoak kontzertu-ziklo hutsa baino askoz gehiago da. Izan ere, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta ezagutarazteko egitasmoa da. Hogei urte baino gehiago daramatza Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat bizirik mantentzen, eta uda partean ondare hori herritarrengana hurbiltzen, kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko bestelako aukera eskainiz.
Aurtengo berrikuntza nagusia Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa izango da. Aquilino Amezua y Cía. lantegi ospetsuak 1910ean eraiki zuen tresna hau lehen aldiz izango da jaialdiaren barruan. Eusko Jaurlaritzak komentua eskuratu eta organoa zaharberritu ondoren, uztailaren 11ko inaugurazio-kontzertuan entzungo da berriro, sortu zeneko egitekoari helduz.
Urkiri Salaberriaren hitzetan, “Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzak gure kultura-ondarea babesteko duen balioa erakusten du. Organo bat zaharberritzea ez da ondare-elementu bat konpontzea bakarrik; berriro ahotsa ematea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmititzen jarrai dezan bermatzea”.
Ondarea berreskuratzeko une garrantzitsua
Aurtengo edizioa une bereziki baikorrean dator Busturialdeko organo-ondarearentzat. Gaur egun, Bermeoko San Frantzisko elizako organoa, Muxikako San Bizente Martiria elizakoa eta Arratzuko harmoniuma zaharberritzen ari dira. Bien bitartean, jaialdiak lanean jarraitzen du eskualdeko beste tresna historiko batzuk ere berreskuratzeko eta pixkanaka kultur jardueretan txertatzeko.

Erakusketa bat Urdaibaiko soinu-ondarea ezagutzeko
Aurtengo beste berrikuntza nagusietako bat “Urdaibaiko Soinuak” erakusketa izango da. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoarekin elkarlanean antolatu da, “Organoa, museo bizia” lelopean. Erakusketak Lope Alberdi Recalde (Gautegiz Arteaga, 1868–1948) organogile maisuaren ibilbidea berreskuratuko du. Haren lanari esker, Urdaibaiko organoen soinua penintsulako hainbat lekutara, Amerikara eta Filipinetara ere iritsi zen. Erakusketa uztailaren 21ean inauguratuko da, eguerdiko 12:00etan.
Lope Alberdiren ibilbidea ardatz hartuta, erakusketak organoaren bilakaera tekniko eta artistikoa ezagutzeko aukera eskainiko du, eta tresna horiek Urdaibaiko kultura-nortasunaren parte direla nabarmenduko du. Egitaraua bisita gidatuekin eta abuztuaren 13an museoan bertan egingo den herritarrei irekitako mahai-inguruarekin osatuko da.
Aitziber Ansotegiren esanetan, “Urdaibaiko Organoak jaialdiak Urremendik ondarea ulertzeko duen modua islatzen du. Ondarea zaintzea ezinbestekoa da, baina herrien eguneroko bizitzaren parte ere izan behar du. Edizio bakoitzak erakusten du ondarea babestea herritarren eskura jartzea ere badela, eta kultura, ezagutza eta tokiko garapena sustatzeko aukera bihurtzea”.

Kontzertu-ziklo bat baino askoz gehiago
2026ko edizioak berriz ere estatu mailako zein nazioarteko ospe handiko interpreteak bilduko ditu Gernika-Lumo, Mundaka, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Axpe-Busturia eta Arratzuko elizetan. Horrela, musikaren, ondarearen eta lurraldearen arteko lotura estua indartzen jarraituko du jaialdiak.
Joxe Benantzi Bilbaoren hitzetan, “Busturialdeak balio handiko organo-ondarea gordetzen du, eta jaialdi hau ondare hori goi-mailako kultur proposamen bihurtzeko adibide bikaina da. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, argi erakutsi dugu organo hauek ez direla museoan gordetako piezak; bizirik dauden musika-tresnak dira. Zaharberritze bakoitza garaipen bat da gure ondarearentzat, eta kontzertu bakoitza aukera bat, tresna horiei berriro ahotsa emateko eta gizartearekin partekatzeko”.
Egitaraua
Kontzertuak uztailaren 11tik abuztuaren 15era egingo dira. Hona hemen aurtengo egitaraua:+
- Uztailak 11 (19:00) – Gernika-Lumoko Santa Klara komentua: PATXI GARCÍA GARMILLA (organoa eta ahotsa) eta MIKEL ANSOLA (organoa).
- Uztailak 12 (20:00) – Gautegiz Arteagako Andra Mari eliza: BENANTZI BILBAO (organoa eta ahotsa).
- Uztailak 18 (20:00) – Mundakako Andra Mari eliza: STEFFANO PELLINI (organoa).
- Uztailak 24 (20:00) – Kortezubiko Santiago Apostolua eliza: JESÚS PÉREZ AZNÁREZ (harmoniuma) eta FRANCISCO EGIDO (tenorra).
- Uztailak 25 (20:00) – Gernika-Lumoko San Bartolome eliza: GIOVANNI MARÍA PERRUCI (organoa).
- Uztailak 26 (20:00) – Axpe-Busturiako Andra Mari eliza: ANA BELÉN GARCÍA (organoa).
- Uztailak 31 (20:00) – Gernika-Lumoko Andra Mari eliza: WILLIBALD GUGENMOSS (organoa).
- Abuztuak 1 (20:00) – Arratzuko Santo Tomas eliza: GIULIO GELSOMINO (organoa) eta VÍCTOR CRUZ (baritonoa).
- Abuztuak 8 (20:00) – Axpe-Busturiako Andra Mari eliza: SUSANA GARCÍA LASTRA (organoa) eta RUTH ROSIQUE (sopranoa).
- Abuztuak 15 (20:00) – Mundakako Andra Mari eliza: JAVIER ARTIGAS (organoa), BENANTZI BILBAO (organoa), IOSU SORRIKETA (txistua), ARANTZA FERNANDEZ (dantza) eta LAPSE MUNDAKA (dantza).
Horrez gain:
- Uztailak 21 (12:00) – Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa: “Urdaibaiko Soinuak: Lope Alberdi” erakusketaren inaugurazioa.
- Abuztuak 13 (19:00) – Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa: mahai-ingurua, Patxi García Garmilla, Aitor Olea, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas hizlariekin.
Urdaibaiko Organoak jaialdia Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoaren, Gernika-Lumoko Kultur Etxearen, Busturialdeko udal laguntzaileen eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen babesari esker antolatzen da.
Aurtengo edizioari buruzko informazio gehiago —organoei, egitarauari, artistei, aurreko edizioetako argazki eta bideoei buruzkoa— www.uoje.org webgunean eta jaialdiaren Facebook eta Instagram. kontuetan dago eskuragarri.
