- Dagoeneko 45 dira eskualdeko turismo-enpresak TJEGeko prozesuaren parte aktiboa direnak; 31 entitate berri horien aitortza foroan egin den plaken banaketarekin formalizatu da.
- 2020an ezarritako CETS tresna funtsezko bihurtu da Busturialdea-Urdaibain turismoaren epe luzerako planifikaziorako, lankidetza publiko-pribatua oinarri hartuta.
- Foroak Urdaibai Basque Reserve-ren 2025-2029 turismo-estrategia modu parte-hartzailean zehazteko balio izan du, TJEGeko Ekintza Plan berrirako lehentasunak partekatuz.
Maiatzaren 28 honetan ospatu da Busturialdea-Urdaibain Turismo Jasangarriaren IV. Foro Iraunkorra, etorkizun jasangarri baten aldeko konpromisoa duten administrazio, elkarte, entitate eta enpresen arteko lankidetza- eta hausnarketa-gune gisa. Jardunaldia emankorra izan da, eta foroa berretsi da eskualdeko turismo-eredu arduratsua aurrera eramateko gobernantza-tresna gisa.
Topaketa Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG) 2025-2029 Ekintza Plana zehazteko eta adosteko prozesu parte-hartzailearen barruan kokatzen da. Saioan orain arteko pausoen balorazioa egin da eta hurrengo urteetarako lehentasunezko jarduera-ildoak partekatu dira. Une esanguratsuenetako bat 31 enpresa berriri ziurtagiri ofizialak ematea izan da; hauek TJEGeko prozesuaren parte aktibo bihurtu dira. Honela, dagoeneko 45 dira II. Fasean atxikitutako turismo-enpresak, eta 4 III. Fasean atxikitutako bidaia-agentziak, sektore osoaren konpromiso gero eta handiagoa islatuz.

TJEG EUROPARC Federazioak bultzatutako tresna da, eta turismoaren plangintza eta kudeaketa jasangarrian laguntzen du, naturgune babestuetan bakarrik ezartzen den eredua izanik. 2020an Urdaibai Biosfera Erreserban ezarri zen eta gaur egun Euskadin egiaztatutako helmuga bakarra da. TJEGaren garapena Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak gidatzen dute, udalerri eta lurraldean eragina duten beste eragile batzuekin eta turismo-sektorearekin elkarlanean.
Ohorezko aitortzatik harago, TJEG-era atxikitzeak benetako konpromisoa hartzea esan nahi du: zerbitzuen kalitatea hobetzea, ingurumen-inpaktuak murriztea, tokiko identitatea sendotzea eta garapen orekatuan ekarpena egitea. Atxikitako erakundeek prestakuntza, baliabide eta ikusgarritasuna eskaintzen dituen lankidetza-sare batean parte hartzen dute, eta horrek aukera ematen du helmugaren posizionamendua eta kohesioa indartzeko.
Lurralde mailan, TJEG turismoaren epe luzerako planifikaziorako tresna gisa jokatzen du, erakundeen arteko koordinazioa hobetuz eta helmugaren identitatea erreferente jasangarri gisa sendotuz. Estrategia honek Urdaibai Basque Reserve-ren balio-proposamen sendo eta koherente bat finkatzea ahalbidetzen du, gaur egungo erronka globalekin bat eginez eta esperientzia esanguratsu, arduratsu eta kalitatezkoen eskari gero eta handiagoari erantzunez.
Foroaren ospakizunak berriz ere agerian utzi du konpromiso partekatu honen indarra. Azken bost urteotan, inplikatutako eragile-sarea etengabe hazi da, gobernantza kolaboratiboa eta turismo-eredu birsortzailearen ikuspegia indartuz.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzutik eta Urremenditik, prozesuaren koordinatzaile diren aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu foroan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei euren ekarpenengatik. Aurrera jarraitzen dugu, lurraldearen eta bertan bizi diren pertsonen ongizatea erdigunean jartzen duen turismo-eredu baten alde.
