- Urdaibaik turismo jasangarriaren eta ingurunea errespetatzen duen turismoaren aldeko apustua indartu du eta protagonismoa eman die mendi-ibiliei eta zikloturismoari. Aire zabaleko bi jarduera hauek, Urdaibaiko naturaz gozatzea eta desestazionalizazioa ahalbidetzen dute.
- Gainera, FITURen aurreko edizioan, Urdaibai Helmuga Turistiko Helmuga Adimendun gisa akreditatua izan zen, eta 2024an zehar aurrera egin du helmugan irisgarritasuna hobetzeko konpromisoan, turismoa sustatzeko beharrizan desberdinak dituzten pertsonei zuzendutako materiala sortuz.
Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteko ordezkariak FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izango dira egunotan, Madrilen, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. 45. edizio honetarako jasangarritasunean eta irisgarritasunean jarri da arreta, horiek baitira funtsezko oinarriak Urdaibai turismo-helmuga arduratsu gisa sendotzeko.
Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi, hurrenez hurren Urremendiko LGEko Presidentea eta Gerentea, eskualdeko enpresa eta elkarte turistikoetako ordezkariekin batera joan dira azokara. Ordezkaritza hau hainbat aurkezpen, bilera eta topaketa profesionaletan parte hartzen ari da egun hauetan, beste turismo-eragile batzuekiko lankidetza sendotzeko.

MENDI-IBILIAK ETA ZIKLOTURISMOA, PLATER NAGUSIA
FITUR Urdaibaik mendi-ibilien eta zikloturismoaren eskaintza indartsua erakutsi duen eszenatoki bihurtu da, turismo jasangarria sustatzeko eta bisitariei helmuga turistikoko paisaiak ingurunea errespetatuz ezagutzea ahalbidetzeko diseinatua. Jarduera hauek, lurraldeaz gozatzea sustatzeaz gain, turismoa desestazionalizatzea ere bilatzen dute, eskaintza ohiko oporraldietatik haratago zabalduz.
Mendi-ibiliei dagokienez, ibilbide luzeen barruan (“GR” ikurrarekin adierazita), Urdaibain GR 38 ardoaren eta arrainaren ibilbideko bi etapa egin daitezke. Beraz, mandazainek Arabar Errioxako ardoa kostaldera eramateko eta arrainez kargatuta itzultzeko erabiltzen zituzten antzinako bideetan zehar ibili daiteke. Kilometro gutxiago egitea aukeratzen dutenentzat, ibilbide motzak (“PR” ikurrarekin adierazita) dira aukerarik onena, paisaiaren edertasuna eta eskualdeko ondare kultural aberatsa ezagutzeko aukera ematen duen 10 bidexken sarea. Azkenik, iparraldeko Santiago bidearen bi etapek Urdaibai zeharkatzen dute. Horregatik, ez da batere arraroa Compostelarako bidean dagoen erromesen batekin gurutzatzea.
Pedalei eragitea da Urdaibaiko txoko bakoitza ezagutzeko beste modu bat, dibertigarria, osasungarria eta jasangarria. Adin, gustu eta maila guztietako jendearentzako ibilbideak daude. Errepidetik, kostaldea zein barnealdea zeharkatzeko, Frantziako Tourreko tropelak 2023an egin zuen bezala; menditik, naturan murgiltzeko, edota ibilbide errazagoak, familiarekin gozatzeko. Jakina, ez dira falta “bike friendly” ostatuak, txirrindularitza zerbitzuetarako enpresak eta bizikletak konpontzeko guneak, libreki eta doan erabiltzeko, eskualdeko hainbat puntutan banatuta. Ibilbide, modalitate eta zerbitzu hauek guztiek Urdaibai urteko egun guztietan gozatu daitekeen paradisu zikloturista bihurtzen dute.

“Turismo jasangarriarekin dugun konpromisoa berresten dugu, FITURren mendi-ibiliak eta zikloturismoa uztartzen dituen eskaintza aurkeztean. Bisitatzen gaituztenek gure eskualdeko aberastasun naturala eta kulturala ezagutzea nahi dugu, ingurunea errespetatuz “, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak. “Proposamen hauekin, turismoa desestazionalizatu nahi dugu, Urdaibaik urte osoan zehar esperientzia ahaztezinak eskaintzen dituela erakutsiz, oporraldi tradizionaletatik haratago”, azpimarratu du.
Gainera, jasangarritasunaren aldeko apustu horren barruan, Turismo Urdaibaik turismo birsortzaileari buruzko formakuntza osatu izanaren ziurtagiria jaso zuen FITUR inaugurazio-jardunaldian. Formakuntza hori Camina Consultoresek eman eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu zuen, turismo-eredu jasangarriagoa eta kontzienteagoa sustatzeko konpromisoaren adierazgarri. Eider Ormaetxea Turismoko teknikariak diploma jaso zuen Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko Foru Diputatuaren eskutik.

Turismo birsortzailea turismoaren ikuspegi berritzaile eta jasangarria da, helmugetako inpaktu negatiboak minimizatzeaz gain, ingurunea, tokiko komunitateak eta ekosistemak hobetuko dituen inpaktu positiboa sortzea bilatzen duena. Kontzeptu hau turismo jasangarriaz haratago doa, ez baitu nahiko oreka mantentzearekin, baizik eta baliabide naturalak eta kulturalak birsortzea, lehengoratzea eta biziberritzea bilatzen baitu.
PERTSONA GUZTIENTZAKO HELMUGA
Urdaibai Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko (DTI) kide da 2023ko azaroaren 20az geroztik. Sare honen parte izatea helmuga eraldatzeko eskualdearen apustuaren erakusle da, eta ildo hori jorratzeko DTI metodologia ezarri da.
Bide horretan urratsak ematen jarraitzeko asmoz, 2024an zehar Urremendik hainbat ekintza egin ditu Urdaibai helmuga irisgarriago bihurtzeko helburuarekin. Horren adibide dira bukle magnetikoak eta eskualdeko hiru turismo-bulegoetan (Bermeo, Gernika eta Mundakan) jendearen eskura dagoen mapa turistiko irisgarria. Aurrerapen hauek Urdaibai DTI gisa posizionatzea indartzen dute, SEGITTUR (Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea) estandarrekin lerrokatuta.

“Lanean ari gara Urdaibai helmuga irisgarria izan dadin. Gure helburua edonork Urdaibai ezagutu eta gozatu ahal izatea da oztoporik gabe, egokitutako zerbitzuekin eta eskaintza inklusiboarekin. Turismo-mapa irisgarri bat egitea urrats bat da zentzu horretan, inklusioarekin dugun konpromisoa berresten dugu. Baliabide honek pertsona guztiek, beren gaitasunak edozein izanda ere, gure eskualdeko aberastasunaz bete-betean gozatu ahal izatea bermatzen du” adierazi du Ager Lejarreta LGEko presidenteak. “Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko kide izateak berritzen jarraitzera bultzatzen gaitu, kalitatezko esperientzia turistiko irisgarriak eta integratzaileak eskaintzeko, betiere Urdaibaiko jasangarritasun eta bikaintasun balioekin lerrokatuta“, azaltzen du.
Gainera, aipatzekoa da Turismo Urdaibai webgunea berritu dela erabilerraztasun-irizpideei jarraituz, esperientzia erakargarriagoa eta intuitiboagoa eskainiz. Egitura berriak nabigazioa sinplifikatzen du, eta diseinu ordenatu bat lehenesten du, erabiltzaileei bilatzen duten informazioa erraz aurkitzeko aukera ematen diena. Eskualdea modu dinamiko eta errazean ezagutzeko espazio digital moderno bat sortu da.

AITZINDARIA EUSKADIN TURISMO JASANGARRIAREN EUROPAKO GUTUNEAN
Gogoratu behar da Urdaibaiko Biosfera Erreserbak Europarc Federazioaren Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari (CETS) atxikitzeko ziurtagiria lortu zuela 2021eko uztailean. Horrekin, Urdaibai aitzindari bihurtu zen Euskadiko helmuga turistiko jasangarri gisa. Gaur egun, Urdaibaiko 40 enpresak baino gehiagok bat egin dute gutunarekin, eta horrek islatzen du tokiko garapena eta ingurunearen zaintza sustatzen dituen turismo-eredu orekatu batekiko konpromiso kolektiboa. Ekimen horiek ez lirateke posible izango eskualdeko turismo-enpresen, elkarteen eta erakundeen laguntza aktiborik gabe.