Iluna Garbi
  • “Bike friendly” ostatu gehiagok, aparkaleku eta autokonponketarako puntu berriek eta estrategia digital berrituak zikloturismoaren aldeko apustua sendotzen dute, eskualdeko turismoaren jasangarritasunaren eta desestazionalizazioaren funtsezko ardatz gisa.
  • 2025era begira, bizikleta-ibilbideen gida eguneratu berri bat egitea aurreikusten da, nobedadeak sartzeko eta eskaintza zabaltzen jarraitzeko, ohiko oporraldietatik harago.

Urdaibaik aurrera jarraitzen du turismo jasangarri eta adimentsuarekin duen konpromisoan, zikloturismoaren aldeko apustu sendoarekin. Urremendik, Urdaibain turismoa sustatzeaz arduratzen den eskualdeko Landa Garapen Elkartea, hainbat ekimen gauzatu ditu 2024an zehar, zikloturisten esperientzia hobetzeko, azpiegitura sendotzeko eta bere sustapena estatu mailan zein nazioarte mailan indartzeko.

Pedalei eragitea Urdaibaiko txoko bakoitza ezagutzeko modu dibertigarria, osasungarria eta jasangarria da. Zikloturismoa sustatzeko ekintzen artean, txirrindularientzako berariazko zerbitzuak dituzten 15 ostaturen egokitzapena nabarmendu behar da, bizikletak gordetzeko espazio seguruak, garbiketa-guneak eta konpontzeko oinarrizko tresnak barne. Era berean, aparkalekuetarako eta autokonponketarako sei puntu berri ezarri dira hainbat kokapen estrategikotan, hala nola Morgan, Foruan, Urdaibai Bird Centerren, Muruetan, Ibarrangelun eta Ereñon.

Azpiegitura hauek zikloturistentzako zerbitzu sarea osatzen dute eta eskualdeko irisgarritasuna hobetzen dute Urdaibai ezagutzeko bizikleta aukeratzen dutenentzat.

Sustapenaren esparruan, “Urdaibai Bike Reserve” ekimena ezagutarazteko lan egin da, eduki espezifikoen bidez sare sozialetan eta Google, YouTube eta plataforma sozialetako merkatu nazional eta nazioartekoei zuzendutako publizitate-kanpainen bidez. Halaber, Stravan txirrindularien komunitatea indartu da aldizkako argitalpenekin, eta Suitzan eta Frantzian saltzen den “Cycle!” aldizkariarekin press trip bat ere antolatu da.

Adin, gustu eta maila guztietako jendearentzako ibilbideak daude. Errepidekoak, kostaldea zein barnealdea zeharkatzeko, Frantziako Tourreko tropelak 2023an egin zuen bezala; mendikoak, naturan murgiltzeko, edota ibilbide errazagoak, familiarekin gozatzeko.

2025: Zikloturismo-helmuga gisa hazten jarraitzeko urtea

2025ari begira, Urdaibaik erreferentziazko helmuga gisa duen posizionamendua indartzen jarraituko du zikloturismoaren arloan, ekintza estrategiko berrien bitartez. Horien artean, bizikleta-ibilbideen gida eguneratu bat landuko da, ibilbide berriak gehituz eta dagoen materiala hobetuz.

Zikloturismoaren aldeko apustuak turismo-eredu jasangarria sendotzen laguntzen du, eta, horrez gain, funtsezkoa da helmugaren desestazionalizazioan. “Gure lehentasuna urte osoan zehar esperientzia turistikoak eskaintzea da, eta zikloturismoa horretarako aukera bikaina da. Zerbitzuak hobetzen, ibilbideen sarea zabaltzen eta merkatu estrategikoetan gure presentzia indartzen jarraituko dugu”, adierazi du Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.

Proiektu hau Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan kokatzen da – Europar Batasunak finantzatua, NextGenerationEU programaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak