Iluna Garbi
  • Bisitarien zain, Urdaibaik kultura, natura eta hiriko ihesaldiak uztartzen dituen 50 plan  prestatu ditu Aste Santuko oporraldira begira.
  • Beste behin ere, eskaintza bateratua prestatu da eskualde mailan, bisitariek ahal denik eta informazio gehien izateko batetik, eta, bestetik, tokiko enpresen eskaintza ezagutaraztera emateko.
  • Urdaibaik ekoturismoa bultzatzea  du helburu, horregatik, “ahalik eta eskaintza jasangarriena” prestatu da.

Urdaibai itsasotik zein lehorretik ezagutzeko asmoa dago. Horrela, itsas planetan interesa duten pertsonek belaontzian, katamaranean, itsasontziz… egin ditzakete irteerak hainbat portutik. Era berean, itsasadarrean zehar jaitsiera gidatu bat egiteko aukera dago piraguan..

Beste alde batetik, basora sartuta, denbora luzez zarratuta egon ostean, Aste Santuan Kortezubiko Omako baso margotua bisitatzeko aukera ere badago. Hala eta guztiz ere, Agustin Ibarrola artistak sortutako mundu magikoa bisitatzeko asmoa daukatenek aldez aurreko erreserba egin beharko dute.

Eskualdeak ibilbide gidatuen eskaintza zabala ere badu: Kortezubiko Santimamiñe kobazuloa, Basondo, Bermeoko Tribisburu erromatar garaiko nekropolia, Arrolako Oppidum –Hierro Aroko herri indigena garrantzitsuenetako bat, Ereñozar gaztelua–. txakolin dastaketak eskualdeko upategietan…

Urdaibaik txirrindularientzako helmuga turistikoa izan gura du, horregatik, bizikleten eskaintza turistikoa ere badauka planen barruan. Multiabentura gustuko dutenentzako aukera ugari ere badaude. Horiek guztiak https://turismourdaibai.com/eu/ webgunean aurki daitezke.

Eskualdeko udalerri garrantzitsuenetako turismo bulegoek ere eskaintza zabala prestatu dute Aste Nagusirako. Bermeoko Udalak garraio publikoaren aldeko apustua egiten du, modu honetan Gaztelugatxeko San Juanetarako autobus eta gida zerbitzuak antolatzen dira Turismo Bulegotik. Horretarako, beharrezkoa izango da erreserba egitea www.bizibermeo.eus webgunean. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 23tik apirilaren 7ra jarriko du martxan Bermeo-Bakio lotuko duen Bizkaibus zerbitzua, Gaztelugatxeko San Joanen geralekuarekin. Zerbitzua orduro eskainiko da, Bermeotik 10:00etatik 20:00etara eta Bakiotik 09:30etik 19:30era.

Bestalde, zerbitzu hobeagoa eskaintzeko asmoz, Aste Santuan indarrean sartuko da autokarabanen guneko kudeaketa sistema. Gunea erabili gura dutenek, erreserba egin beharko dute www.bizibermeo.eus eta www.bermeo.eus webguneen bitartez. Bermeoko Udalaren eskaintza guztia www.bizibermeo.eus webgunean dago eskuragarri.

Mundakak, bere aldetik, bere ezker olatu ezaguna baino gehiago eskaintzen du. Hala, Aste Nagusiari begira, mota guztietako bisitariei zuzendutako eskaintza prestatu du, bai senide edo lagunekin egiteko eta baita kirol planak ere. Hala ere, Mundakako eskaintza osoa www.mundakaturismo.com webgunean kontsulta daiteke.

Gernika-Lumok ere asko dauka erakusteko, horien erakusgarri dira Euskal Herriko sinboloa den Gernikako Arbola eta Euskal Herria Museoa, besteak beste. Era berean, bisitariek Gernikako bonbardaketarekin lotutako eskaintza zabala ere izango duten aukeran, eta 11 panelez osatutako Memoriaren ibilbidea egin daiteke, baita ere babesleku antiaereoak bisitatzeko.

Hori guztia hobeto ulertzeko, interesa dutenek audiogida zerbitzua dute eskura. Eta familiarekin joanez gero, Marco Topo haurrei zuzendutako jolas bat ere aukera dezakezu.

Gernika-Lumon erreferentziazkoa dute astelehenetako merkatua, eta Pazko astelehenean merkatuak ez du hutsik egingo; hortaz, bertoko eta sasoiko produktuak egongo dira bertaratutakoen eskura. Gernika-Lumoko eskaintza guztia www.gernikainfo.eus webgunean aurkitu daiteke.

Urdaibai eskualdeak era guztietako aukerak eskaintzen ditu, adin eta gustu guztietarako. 50 plan dituzu eskura, guztiak https://turismourdaibai.com webgunean bilduta. Ekoturismoa gustatzen bazaizu, etorri Urdaibai bisitatzera.

Erlazionatutako mezuak