Iluna Garbi
  • Gernikako, Bermeoko eta Mundakako turismo-bulegoek eta Gaztelugatxeko informazio-guneak 50.661 bisitari zenbatu dituzte uztailean eta abuztuan, 2025eko lau gune berberetan baino % 9,9 gehiago.
  • Gainera, turismo-kudeatzaile digitalek 2.192 kontsulta erregistratu dituzte, 2025ean baino % 46,3 gehiago, eta helmugari buruzko informazioa modu autonomoan eskuratzeko tresna osagarri gisa sendotzen jarraitzen dute.
  • Urremendi Landa Garapen Elkarteak bisitaren kalitatea du ardatz, eta Urdaibaiko herrietako bizikidetzarekin eta tokiko merkataritza, ostalaritza, ostatu eta enpresen jarduerarekin bateragarria izango den turismo ereduaren alde egiten jarraitzen du.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak balorazio positiboa egin du uztailean eta abuztuan Urdaibain izandako turismo-jarduerari buruz. Gernikako, Bermeoko eta Mundakako turismo-bulegoek eta Gaztelugatxeko informazio-guneak 50.661 bisita zenbatu dituzte udako denboraldiko bi hilabete nagusietan.

Kopurua iazko udakoa baino zertxobait handiagoa da. Aurrez aurreko lau arreta-gune berberak erreferentziatzat hartuta, 2025eko uztailean eta abuztuan 46.105 pertsona igaro ziren; beraz, aurten %9,9 inguruko igoera izan da. 2026an, Gernikako turismo-bulegotik 22.572 pertsona pasatu dira; Bermeokotik, 10.601; Mundakakotik, 2.018; eta Gaztelugatxeko informazio-gunetik, 15.490.

Urremendik positibotzat jo du bilakaera hori, baina azpimarratu du bisitari kopurua ez dela, berez, Urdaibaiko turismoaren arrakasta neurtzeko adierazle bakarra. Helburua da eskualdeak bisitariak erakartzeko duen gaitasuna bateragarria izatea bertako natura-ingurunearekin eta herrietako eguneroko bizitzarekin.

“Urdaibaik interes handia pizten jarraitzen du, eta hori positiboa da, baina gure helburua ez da mugarik gabe haztea. Lurraldea ezagutu eta errespetatuko duen turismoa nahi dugu; hemen bizi direnekin modu orekatuan biziko dena eta gure herriak eta bertako jarduera ekonomikoa bizirik mantentzen lagunduko duena. Gakoa kalitatean haztea eta jasotzen dugun turismoa urteko beste sasoi batzuetara ere zabaltzea da”, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak.

Urdaibai bisitatzen dutenak hobeto ezagutu, helmuga hobeto kudeatzeko

Udan bildutako datuek, bisitari kopurua neurtzeaz gain, Urdaibaira datozen pertsonen jatorria, interesak eta beharrak hobeto ezagutzeko aukera ematen dute. Informazio hori bereziki baliagarria da turismo-kudeaketa bideratzeko eta eskualdea modu osoagoan ezagutzeko aukera emango duten alternatibak eskaintzeko.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen bisitarien artean, Madrilek eta Kataluniak pisu handia izaten jarraitzen dute. Nazioarteko bisitei dagokienez, berriz, gertuko herrialdeak nabarmentzen dira, hala nola Frantzia eta Italia, baita Alemania, Belgika, Herbehereak, Erresuma Batua edo Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bisitariak ere.

Turismo-bulegoetan bildutako informazioak erakusten du, halaber, Urdaibaira datozen pertsonek bertako lekurik ezagunenak baino askoz gehiago ezagutzeko interesa dutela. Gernikan, esaterako, interesguneei eta planoei buruzko kontsultekin batera, pisu handia dute bisita gidatuei, museoei, Donejakue Bideari, naturari edo enogastronomiari lotutako galderek. Mundakan ere naturarekin lotutako turismoari eta kostaldeari lotutako baliabideei buruzko kontsultak nabarmentzen dira.

Aurrez aurreko arretarekin batera, turismo-kudeatzaile digitalek 2.192 kontsulta erregistratu dituzte uda honetan, 2025eko aldi bereko 1.498 kontsulten aldean.

Horrela, turismo-informazioa tresna baliagarria da bisitarien eta lurraldearen arteko harreman orekatuagoa sustatzeko, baita turismo-jarduerak eskualdeko merkataritzan, ostalaritza-establezimenduetan, ostatuetan, museoetan, turismo aktiboko enpresetan, ekoizleen jardueran eta bestelako zerbitzuetan eragin positiboa izan dezan ere.

Lurraldea babestu eta bizikidetza sustatu

Urdaibairen berezitasunak beste helmuga batzuetakoaz bestelako ikuspegia eskatzen du turismo-erakargarritasuna kudeatzeko orduan. Biosfera Erreserba izateak eta ingurumen-sentsibilitate handiko eremuak edukitzeak esan nahi du bisitari kopurua ez dela helburu bat bere horretan, baizik eta turismo jasangarri eta orekatuari eusteko kontrol-adierazle bat.

Gaztelugatxe da horren adibiderik argienetako bat. Uztailean eta abuztuan 15.490 arreta jaso zituen bertako informazio-guneak; 2025eko aldi berean, berriz, 16.341. Urremendiren ustez, ezaugarri horiek dituzten lekuetan lehentasuna da bisitak kontrolatzea, bisitariak informatzea eta jokabide arduratsuaren garrantziaz sentsibilizatzea, baita turismo-fluxuak eskualdeko hain ezagunak ez diren beste leku batzuetara bideratzen saiatzea ere.

Ikuspegi hori Urdaibai osora zabaltzen da. Eskualdean sustatzen den ereduak turismo-jarduera leku jakin batzuetan soilik pilatzea saihestu nahi du, eta Urdaibaira datozen pertsonek beste herri batzuk, natura eta kultura-baliabideak eta lurraldeari lotutako proposamenak ezagutzea sustatzen du. Tokiko herritarrekiko bizikidetza ere estrategia horren ardatz nagusietako bat da.

Urdaibai urte osoan ezagutzeko eskaintza

Bisita gehien jasotzen diren hilabeteak kudeatzearekin batera, Urremendik Urdaibai udako denboralditik kanpo bisitatzeko aukerak indartzen jarraituko du. Eskualdeak natura, kultura, gastronomia eta ondare-eskaintza zabala du, urte osoan zehar esperientziak eskaintzeko aukera ematen duena.

Mendi-ibiliek, zikloturismoak, ondare historikoak, museoek, esperientzia gastronomikoek edo landa-inguruneari lotutako jarduerek urteko sasoi desberdinetan Urdaibai ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eta turismo-jarduera denboran eta lurraldean modu orekatuagoan banatzen laguntzen dute.

Ildo hori Urremendik dagoeneko garatzen duen estrategiaren parte da, eta ohiko oporraldietatik harago turismo-jarduera zabaltzeko gai diren proposamenak sustatzen ditu.

Jasangarritasuna eta berrikuntza, turismo-kudeaketan aurrera egiteko

Urdaibaik eredu hori garatzen jarraitzen du, besteak beste, Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna eta turismo-helmuga adimendunaren DTI eredua oinarri hartuta.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba 2021ean egiaztatu zen Euskadiko lehen helmuga turistiko jasangarri gisa. Akreditazio horrek lurraldearen kontserbazioaren eta garapen sozial eta ekonomikoaren arteko orekan oinarritutako ibilbide-orria ezarri zuen. Gainera, 2024ko otsailetik Urdaibaik SEGITTUR Estatuko berrikuntza eta teknologien sozietateak emandako turismo-helmuga adimendunaren DTI bereizgarria du.

“Urdaibaira datorrenak kalitatezko esperientzia izatea nahi dugu, baina baita bisitatzen ari den lurraldea berezia dela ulertzea ere bai,  guztion artean zaindu beharrekoa. Gure natura ezagutzea nahi dugu, baina baita gure herriak, kultura, gastronomia eta hemen jarduten duten pertsonak ere. Horixe da eraikitzen jarraitu nahi dugun turismo-helmuga“, amaitu du Ansotegik.

Bulegoetan eta informazio-gunean uztailean eta abuztuan bildutako datu aipagarrienen laburpena:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak