Bilatu Menua

Mundakako lanekin eman dio amaiera Urremendi Landa Garapen Elkarteak Next Generation Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planari, Urdaibain 2 milioi eurotik gora inbertituta

“Urdaibaiko Esentziak Mahastietan” ekitaldiak txakolina, gastronomia, umorea eta musika uztartuko ditu berriro Urdaibairen bihotzean

Iluna Garbi
  • Mundakako tren geltokiaren eta herrigunearen arteko oinezkoen lotura hobetzeko lanak amaituta, Urremendik bukatu egin ditu 2022tik Urdaibaiko Jasangarritasun Turistikoaren Planaren barruan sustatutako hamar jarduketak.
  • Next Generation Europako funtsek mugikortasun jasangarria, digitalizazioa, turismoaren lehiakortasuna eta lehen sektorearen balioa indartzeko proiektuak garatzea ahalbidetu dute eskualdean, eta Urdaibai turismo jasangarriaren erreferente gisa sendotu dute.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak amaitu ditu Mundakako tren geltokiaren eta herrigunearen arteko oinezkoen lotura hobetzeko lanak. Horrela, amaiera eman dio Next Generation EU Europako funtsek finantzatutako Urdaibaiko Jasangarritasun Turistikoaren Planari.

Esku-hartze hau amaitzearekin batera, azken urteotan eskualdean 2,1 milioi eurotik gorako inbertsioa bideratu duen programaren balantzea egiteko unea ere iritsi da. Guztira hamar jarduketa gauzatu dira, turismo eredu jasangarriago, berritzaileago eta lehiakorrago bat sustatzeko helburuarekin.

Milioi bat inguruko inbertsioarekin, Mundakako jarduketa programako esanguratsuenetako bat izan da. Horri esker, Euskotreneko geltokiaren eta herriko gune turistikoaren arteko irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria hobetu dira, oinezko eta bizikletazko joan-etorriak erraztuz eta garraio publikoarekiko lotura indartuz. Lan honen bidez, herritarrentzat zein Urdaibaira bisitan datozenentzat ibilbide irisgarriago, seguruago eta atseginagoa osatu da.

Urdaibai eraldatzeko hamar proiektu

Programa 2022ko urrian abiatu zen, Urdaibaiko Plan Zikloturistaren garapenarekin, eta orain amaiera eman zaio Mundakako obrak bukatuta. Epe horretan, Urremendik honako jarduketak kudeatu eta gauzatu ditu:

  1. Urdaibaiko Plan Zikloturista
  2. Mundakako tren geltokiaren eta herrigunearen arteko oinezkoen lotura hobetzea
  3. Bisore turistikoa eraldaketa digitalera egokitzea
  4. Urdaibaiko turismo kontakizunaren formatu interaktiboa diseinatu eta ezartzea
  5. Dokumentu-kudeatzailea digitalizatzea eta produktu turistikoen planifikatzaile bat sendotzea
  6. Elantxoben, bisitari-fluxuak kudeatzeko plataforma digital adimenduna
  7. Urdaibai Helmuga Turistiko Adimenduna
  8. Enpresa berriak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikitzea
  9. Enpresa berriak Euskadiko Turismo Kode Etikora atxikitzea
  10. Lehen sektorea eta bertako produktuak balioan jartzeko jarduera eta ekitaldiak sustatu eta garatzea

Jarduketa horiei esker, eskualdearen garapenerako funtsezkoak diren lau ardatz estrategikotan aurrera egin da: mugikortasun jasangarrian, helmuga turistikoaren eraldaketa digitalean, enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan eta tokiko produktu eta baliabideen balioan jartzean.

Aukerak proiektu bihurtuta

Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak adierazi duenez, “Mundakako obren amaierak duela lau urte hasitako lan baten amaiera sinbolizatzen du. Helburua Europako finantzaketa Urdaibairentzako benetako hobekuntza bihurtzea izan da, eta gaur esan dezakegu baliabide horiek arrasto nabarmena utzi dutela gure eskualdean.”

Era berean, azpimarratu du “Next Generation funtsei esker, ziurrenik gauzatzeko urte gehiago beharko genituzkeen proiektu estrategikoak bizkortu ahal izan ditugula. Egindako inbertsioetatik harago, balio nagusia izan da erakustea eskualdetik bertatik etorkizun partekatu baten ikuspegiarekin ekimen eraldatzaileak diseinatu, kudeatu eta gauzatzeko gai garela”.

Ansotegik eskerrak eman nahi izan dizkie, halaber, programaren garapenean parte hartu duten Udalei, erakunde laguntzaileei, enpresei eta tokiko eragileei. Eta nabarmendu du erakundeen arteko lankidetza izan dela ekimenaren arrakastaren giltzarrietako bat.

Urremendiren ustez, inbertsio horien eragina azpiegitura edo tresna berrietatik harago doa. Gauzatutako jarduketek Urdaibairen posizionamendua indartu dute, jasangarritasunarekin, berrikuntzarekin eta kalitatearekin konprometitutako helmuga gisa, eta aukera berriak sortu dituzte herritarrentzat, tokiko ekonomiaren ehunarentzat eta turismo sektorearentzat.

Programa honi amaiera emanda, elkarteak berretsi egin du finantzaketa aukera berriak erakartzeko eta eskualde osoarentzat garapen eredu orekatu, jasangarri eta lehiakor baten alde egingo duten proiektuak sustatzen jarraitzeko konpromisoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak