Iluna Garbi
  • Ekainaren 19an eta 20an izango da hitzordua, Gernika-Lumoko Itsasmendi Upategian. Jardunaldi bakoitzean mahastien arteko ibilaldi bat, lau txakolin eta lau pintxo dastatzeko aukera eta kultur proposamen berezi bat izango dira.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Turismo Urdaibairen bidez, “Urdaibaiko Esentziak Mahastietan” ekitaldiaren edizio berri bat antolatuko du ekain honetan. Eskualdeko esentzia, gastronomia, txakolina, kultura eta paisaiaren bidez ezagutzeko gonbidapena egiten duen proposamena da.

Ekainaren 19an eta 20an izango da hitzordua, 19:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Itsasmendi Upategian. Mahastiz inguratutako ingurune paregabe horretan, parte-hartzaileek Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean esperientzia paregabe batez gozatzeko aukera izango dute.

Egitaraua ekainaren 19an abiatuko da, Kaitin Allende umoregilea protagonista izango duen saioarekin. Mahastien arteko ibilaldi baten ostean, Urdaibaiko 4 txakoli eta tokiko produktuekin prestatutako lau pintxoren dastaketarekin batera Kaitinek umorezko monologoa eskainiko du.

Hurrengo egunean, ekainaren 20an, Olatz Salvador abeslariaren txanda izango da. Bere musikak girotuko du bisita eta dastaketa uztartuko dituen bigarren esperientzia, aurreko eguneko formatu berari eutsiz.

Urdaibai bost zentzumenekin gozatzeko esperientzia

Urdaibaiko Esentziak Mahastietan Turismo Urdaibaik sustatutako proposamen berezienetako bat bihurtu da urteotan.

Ekitaldiaren helburua lurraldearen nortasuna balioan jartzea da, bere adierazgarri nagusietako batzuen bidez: enoturismoa, tokiko gastronomia eta kultura ingurune natural paregabe batean.

Mahastietan barrena egindako ibilalditxoa, eskaintza gastronomikoa eta kultur jarduerak uztartzeak aukera ematen die bertaratutakoei Urdaibaira ikuspegi esperientzial batetik hurbiltzeko, paisaia, gastronomia eta kultura uztartuz, txakolina protagonista nagusi delarik.

Ekitaldiak Urdaibairen sustapen turistikoarekin eta garapen jasangarriarekin konprometitutako hainbat erakunde eta instituzioren laguntza du, hala nola Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena.

Sarrerek 20 euroko prezioa dute, eta dagoeneko eskuragarri daude Turismo Urdaibairen webgunean: https://turismourdaibai.com/eu/ms/jarduerak-actividades

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak