Joan den apirilaren 29an aurkeztu zen EHUN, Busturialdea-Urdaibai 2030eko Nekazaritzako Elikagai Estrategiaren baitan bultzatzen ari diren ekimenei nortasuna eta koherentzia emango dien marka berria. Aurkezpena BBK Kliman egin zen, eta ekoizleak, lurraldeko eragileak eta eskualdean garatzen ari diren proiektuetan inplikatutako erakundeak bildu zituen.

EHUN proiektuak, pertsonak eta aukerak konektatzeko asmoarekin sortu da, tokiko nekazaritzako elikagaien sistema ekoizpenaren, eraldaketaren, merkaturatzearen eta nekazaritzako elikagaien kulturaren bidez indartzeko ikuspegi partekatuarekin.
Marka berriak, eskualdean gertatzen ari den guztiari balioa ematea bilatzen du. Izan ere, EHUNen atzean nekazaritzako elikagaien eraldaketa proiektuak daude, pertsona ekoizleen arteko lankidetza espazioak, lurraldeko eragileen arteko aliantza berriak, fruta-arbolen landaketak eta formazio eskaintza espezializatua.
Aurkezpenak harrera oso ona izan zuen, eskualde barruan zein kanpoan. Bereziki nabarmendu zen EHUNek Busturialdea-Urdaibaiko errealitatearekin eta sektoreak bizi duen eraldaketa-unearekin bat datorren irudi hurbila, koherentea eta lerrokatua islatzen duela.

EHUN izango da, halaber, Fruituola edo Jakigune bezalako ekimenen aterkia, baterako ikusgarritasuna indartuz eta eskualdeko nekazaritzako elikagaien etorkizunari buruzko narratiba partekatua sortzen lagunduz.