- Saioak Morgan, Ereñon, Nabarnizen, Gautegiz-Arteagan, Ajangizen, Sukarrietan eta Mundakan egingo dira otsailean eta martxoan, herritarrak espezie inbaditzaile horren aurrean informatzeko eta aktibatzeko.
Urremendi Landa Garapenen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak bost hitzaldi informatibo berri antolatu dituzte Busturialdeko eskualdean liztor asiarraren inguruan (Vespa velutina). Bilerak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo dira, otsailean eta martxoan, hainbat udalerritan, espezie inbaditzaile horri buruz kontzientziatzeko, informazioa emateko eta tresna praktikoak eskaintzeko.
Liztor asiarra mehatxu zuzena da biodibertsitatearentzat, ekosistemen orekarentzat eta, bereziki, erlezaintzaren sektorearentzat, erleen populazioei eta, horrekin batera, polinizazioari eta natura-ingurunearen iraunkortasunari modu larrian eragiten baitie. Testuinguru horretan, Urremendik eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak ekintza prebentibo eta komunitario gisa bultzatzen dituzte hitzaldi horiek, herritar guztiei zuzenduta, batez ere baratze edo lorategiak dituztenei, tokiko elkarteei eta udal-agenteei.
Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak adierazi duenez, “liztor asiarraren aurkako borrokak informazioa, koordinazioa eta herritar aktiboak behar ditu. Hitzaldi hauen helburua jendeak identifikatzen jakitea, segurtasunez jardutea eta gure ingurunea babesten laguntzea da“.
Hitzaldiak doakoak eta irekiak izango dira, eta egun eta leku hauetan egingo dira:
- MORGA – Otsailaren 27an, 18:30ean, udaletxean
- EREÑO eta NABARNIZ – Otsailaren 13an, 19:00etan, Ereñoko udaletxean
- GAUTEGIZ-ARTEAGA – Martxoak 18, 19:00etan, Udaletxean
- AJANGIZ – Martxoak 20, 19:00etan, Kultur Etxean
- SUKARRIETA eta MUNDAKA – Martxoak 27, 19:00etan, Sukarrietako yoga aretoan
Ekimen honekin, Urremendik eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak natur ingurunearen defentsarekin eta tokiko erlezaintzari laguntzearekin duten konpromisoa indartzen dute, eskualdean gero eta eragin handiagoa duen ingurumen arazo baten aurrean erantzun kolektiboa sustatuz.




