- Urremendi Landa Garapen Elkarteak oso balorazio positiboa egin du uda honetako turismo-datuei buruz, 2023ko zifren antzekoak izatea lortu baitira. Guztira 36.000 bisitari baino gehiago igaro ziren eskualdeko 3 turismo-bulegoetatik uztailean eta abuztuan.
- Gaztelugatxek eskualdeko interesgune nagusia izaten jarraitzen du, uztaila eta abuztua bitartean 17.000 bisitari baino gehiago jasoz.
Urdaibaik bisitari fluxu jasangarria mantentzea lortu du uda honetan. Hala berresten dute Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo-bulegoetan jasotako datuek, bai eta Gaztelugatxeko informazio-gunean eta Gernikako Batzar Etxean, Elantxoben eta Gaztelugatxen kokatutako gestore turistiko digitalen bitartez bildutakoek ere.
Horrela, uda sasoia amaitzeko egun gutxi falta direnean, Urremendi Landa Garapen Elkarteak balantze positiboa egin du udan Urdaibai bisitatzea erabaki duten turista kopuruari dagokionez. “Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoek bisitari kopuru antzekoa jaso dute iazkoarekin alderatuta. 36.000 bisitari inguru izan dira, hau da, %3,84ko hazkunde arina. Turistak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko estrategiak bere fruituak ematen jarraitzen du, eta hazkunde jasangarria lortzen ari gara, arduratsua batez ere. Turismoaren eta inguruaren arteko oreka bat emanez.” azpimarratu du Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.
Ansotegik dio estatuko bisitariaren profila aurreko urteetakoaren antzekoa dela, batez ere Madrildik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Valentziako Erkidegotik etorritako turistekin. Nazioarteko bisitei dagokienez, turista gehienak Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Holandatik, Ingalaterratik eta Belgikatik etorri direla aipatu du.
Era berean, azken urteetan martxan jarritako ekintzak nabarmendu ditu, eta lurraldeko eragile ezberdinek Europako Espazio Natural eta Babestuen Turismo Jasangarriaren Gutunarekin bat egiteak bisitatzen diren baliabide eta espazioen erabilera zuzena bultzatu dute. Azkenik, Ansotegik azpimarratu eta modu positiboan baloratzen du inguruko enpresekiko lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia, horiek eskaintza turistikoa aberasten laguntzen baitute, eskualdean kalitatezko kultura, gastronomia eta kirol-jarduerak eskainiz.
Gernikako turismo bulegoa, eskualdeko bisitatuena, ondoren Bermeo eta Mundakakoa
Eskualdeko hiru turismo bulegoetatik, Gernikakoa izan da uztailean eta abuztuan bisita gehien lortu dituena (16.229, 2023an baino 1.019 pertsona gutxiago), ondoren Bermeokoa (12.897, 2023an baino 2.481 pertsona gehiago) eta, ondoren, Mundakakoa (6.978, 2023an baino 128 pertsona gutxiago). Gaztelugatxen kokatutako informazio puntuak 17.464 bisita izan ditu, hau da, 2023an baino ia %14 gutxiago. Bestalde, Urdaibaik 3 gestore turistiko digital ere baditu, Gernika-Lumo, Gaztelugatxe eta Elantxobeko Batzar Etxean kokatuak, helburu bikoitzarekin: Urdaibaiko eskaintza turistikoa erakustea eta bisitatzen gaituzten turisten profilari buruzko informazioa lortzea. Gaztelugatxeko gestore turistikoaren kasuan, Urremendi LGE eta Jata-Ondo LGEren artean partekatutako kudeatzailea denez, Uribe eskualdeko turismo-eskaintza ere errazten du.
Urdaibai, Euskadi mailan, turismo esparruen artean erakargarrienetakoa eta gehien bisitatzen dena da. Gogoratu behar da Urdaibaiko Biosfera Erreserba 2021eko uztailean ziurtatu zela Euskadiko lehen helmuga turistiko jasangarri gisa. Akreditazio hori ekoturismoaren printzipioetan oinarritutako turismoa garatzeko ibilbide-orri bat da, ingurumenarekiko, gizartearekiko eta ekonomiarekiko errespetuan oinarritua. Horrez gain, jomuga hau nazioartean ezagutzera emateko aukera eskaintzen du, eta horrela, bere kontserbazioaren eta lurraldearen garapen jasangarriaren arteko oreka babestuz, eskualdea kalitatezko, arduratsua eta segurua den turismo jomuga gisa sustatzen da. Jomuga jasangarria eta arduratsua, baina baita adimentsua ere; izan ere, joan den otsailetik Urdaibaik turismo jomuga adimendunaren DTI bereizgarria du, SEGITTUR berrikuntzako eta teknologietako estatuko sozietateak ematen duena.
Hona hemen uztailean eta abuztuan bildutako daturik aipagarrienak:
2024an, gestore turistiko digital berriak inplementatzeari esker, eskualdeko beste bi puntu nagusitan neurtu ahal izan da turismo-fluxua, Gernikako Batzar Etxearen ondoan dagoenaz gain: Gaztelugatxeko Donienen eta Elantxoben. Jasotako datuak aztertuta, Batzar Etxeko panelean, 2024an, 1.123 kontsulta jaso ziren uztailean eta abuztuan. Aurreko urtearekin alderatuta beherakada bat ikusten da, 1.204 kontsulta zenbatu baitziren. Gaztelugatxeko panel berrian 739 kontsulta erregistratu dira guztira, eta Elantxoben, berriz, 510, gehienak estatutik etorritakoak.