- Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Urdaibai Biosfera Zerbitzuak 2024-2025 Ekintza Planaren aurrerapenak eta 2026rako lan-ildoak aurkeztu zituzten atzo, Itsasmendi Upategian egindako topaketan.
 - Ekoizleek, udal-ordezkariek eta Talde Eragileko kideek marka berriaren balioei eta nortasunari buruz elkarrekin hausnartzeko ere balio izan zuen jardunaldiak.
 
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpe dagoen Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak, hogeita hamar bat udal ordezkari, ekoizle, lehen sektoreko eragile eta Talde Motorreko kide elkartu zituzten atzo Itsasmendi Upeltegiaren instalazioetan eskualdeko Nekazaritzako Elikagaien Ekintza Planaren nondik norakoak azaltzeko.
Topaketan, Busturialdea-Urdaibaiko Nekazaritzako Elikagaien Sektorea Dinamizatzeko Ekintza Planaren esparruan 2024an eta 2025ean lortutako aurrerapenen berri eman zen, eta 2026rako lan-aurreikuspenak partekatu ziren. Era berean, hausnarketa kolektiborako aukera ere izan zen, eskualdeko nekazaritzako elikagaien sektorea bilduko duen eta identitate komuna emango dio marka berri baten sorreran aurrera egiteko.

Sektore aktiboa, koordinatua eta ikuspegi partekatua duena
2024. eta 2025. urteetan funtsezko proiektu hauek bultzatu dira:
- Nekazaritzako belaunaldi-aldaketarako proiektu pilotua, 55 urtetik gorako nekazariei elkarrizketak egin zaizkie, dibulgazio-materialak erabiliz eta errelebo-prozesuetan lagunduz.
 - Fruituola, frutagintza ekologikoko proiektu esperimentala, hiru sagarrondo landaketa, formazio praktikoak eta elkarlaneko gobernantza eredu baten oinarritzen dena.
 - Jakigune, etorkizuneko eskualdeko nekazaritzako elikagaien hub-a, parte hartzeko jardunaldiekin, beharrak identifikatuz eta finantziazioa bilatuz hasi da martxan.
 - Komunikazioaren eta sentsibilizazioaren alorrean, Ekoetxea Urdaibairekin lankidetzan aritu gara Dastatu Urdaibai programan, eta ikus-entzunezko materialak bildu dira tokiko ekoizleen lana ikusarazteko.
 
Etorkizunari begira, 2026an honelako proiektuak indartzea aurreikusten du planak:
- Akonpainamendu teknikoa eta emozionala nekazaritzako belaunaldi-erreleboko prozesuetan.
 - Fruituola proiektuko landaketen eta formazioen jarraipena.
 - Jakiguneko instalazioen garapena (gastronomia gela, biltegia eta saltokia).
 - Eta eskualdeko marka bat sortzea, ekintza guztiak identitate grafiko eta bisual berean biltzeko.
 
“Lurraldetik hazten ari den estrategia bizia”
Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak topaketaren hasieran azpimarratu zuenez, “plan hau eskualde honek duen potentzialean sinesten duten udalen, ekoizleen eta erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da. Ez da estrategia itxia, bide-orri bizia baizik, Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien sektoreari bizia ematen diotenen parte-hartzearekin egokitu, hazi eta indartzen dena”.
Bestalde, Joseba Santorum Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendariak hau azpimarratu zuen: “Urdaibaiko Biosfera Erreserba garapen ekonomikoaren eta ingurumen-jasangarritasunaren arteko oreka-eredu bat da. Lehen sektorea funtsezkoa da ekuazio horretan, eskualdeko paisaia, kultura eta nortasuna bizirik mantentzen dituelako”.

Batu, ezagutarazi eta eskualdea proiektatuko duen marka bat
Jardunaldian saio praktiko eta dinamiko bat egin zen, eta, hainbat lan-mahairen bidez, bertaratutakoek eskualdeko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizuneko marka definitu beharko luketen elementuak aztertu eta eztabaidatu zituzten.
Saioan zehar 20 galderatik gorako inkesta bat landu zen, Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektorea ordezkatuko duen irudiari buruzko iritziak, pentsamenduak eta proposamenak jasotzeko.
Helburua marka bat eraikitzea da, eragile guztiak identifikatuta sentiaraziko dituen kontakizun komun bat, lurraldearen aniztasuna eta balio partekatuak islatzeko gai izango dena.
Jardunaldian sortu ziren ideia nabarmenen artean, honako hauek daude:
- Jasangarritasuna eta ingurunearekiko errespetua.
 - Tradizioa eta lurraldearekiko errotzea.
 - Produktuen kalitatea eta benetakotasuna.
 - Pertsonekiko hurbiltasuna eta konfiantza.
 - Berrikuntza eta etorkizuna.
 
Gainera, etorkizuneko markak hau bilatuko du:
- Balioak eta ogibidea partekatzen dituztenak elkartzea
 - Eskualdean bertan eta eskualdetik kanpo errekonozimendua izatea.
 - Komunikazioari koherentzia ematea.
 - Ekoizleen artean lehiatu gabe bereiztea
 - Harrotasuna eta partaidetza islatzea.
 
“Elkarlanetik jaio eta lurraldearen esentzia sinbolizatzen duen marka nahi dugu: jasangarria, benetakoa eta bere sustraiez harro dagoena”, nabarmendu zuen Aitziber Ansotegik tailerraren amaieran.
Balantze positiboa eta eskertze kolektiboa
Topaketaren amaieran, Urremendik eta Patronatuak oso balorazio positiboa egin zuten, eta udalek, ekoizleek eta sektoreko eragileek aktiboki parte hartzea eskertu zuten.
“Gaur erakutsitako inplikazioa eta konpromisoa Busturialdea-Urdaibairentzat ezinbestekoak dira nekazaritzako elikagaien eredu indartsua, iraunkorra eta etorkizuna duena eraikitzen jarraitzeko”, azpimarratu zuen Joseba Santorumek amaieran.
Urremendik eta Patronatuak errotzea, iraunkortasuna eta tokiko nortasuna indartuko dituzten proiektuak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, eta bereziki eskerrak eman zizkieten jardunaldian parte hartu zuten pertsona eta erakunde guztiei.