- Tokiko dozenaka ekoizle eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuko eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak bildu ziren atzo, Berroja Upategian, 2023an egindako ekintzen eta aurten Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren esparruan garatzea aurreikusten den Ekintza Planaren aurkezpenean.
Busturialdea-Urdaibain nekazaritza sektore aktibo eta bizia izatea. Helburu komun horrekin elkartu ziren atzo Urdaibaiko Biosfera Erreserba Zerbitzuko (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako) tokiko ekoizle eta ordezkariak eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen ordezkariak. Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren eta Busturialdea-Urdaibaiko tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea biziberritzeko Ekintza Planaren bilakaera aztertzeko balio izan duen bilera, 2023an egindako ekintza batzuk eta datozen hilabeteetarako aurreikusitakoak nabarmenduz.
Hogei pertsona baino gehiago bertaratu ziren ekitaldira, bai banaka, bai tokiko eta sektoreko hainbat erakunderen ordezkari gisa. Lan saioari esker, batetik, orain arte egindako lana eta datozen urteetarako proiekzioa aurkeztu ziren, eta, bestetik, lurraldea garatzeko ekintza berrietaz hausnartu ahal izan zen.
Bai Nicolás García-Borreguerok, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuko zuzendariak, bai Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak, proiektu honetan parte hartzen duten eragile ezberdinen inplikazioa, konpromisoa eta talde lana baloratu zuten.
“Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategia lurraldean nekazaritzako elikagaien sektore berritzaile, gaztetu eta errotua lortzeko bide orria da. Tokiko nekazaritza sektorea indartzen lagunduko digun dokumentua, lehendik dagoen ehunari eta nekazaritza enpresa berriei laguntzeko tresna berritzaileen bitartez, elikagai osasungarriak ekoizteko eta Busturialdea-Urdaibaiko ingurune naturala zaintzeko”, esan zuen Ansotegik, eta ekoizleen lana ulertu eta errespetatzeko beharra eta belaunaldi berrientzako etorkizuneko lanbidetzat hartzeko balizko ideiaren aurrean aukera ikuspegi bat sortzearen garrantzia ere nabarmendu zuen.
Bestalde, Patronatuko zuzendariak estrategia honen bidez “ekosistema berritzaile bat finkatu” nahi dela azpimarratu zuen, “Busturialdea-Urdaibai tokiko nekazaritzako elikagaien ekintzailetzarako aukera-lurraldea izan dadin, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren balioekin bat etorriz elikagaiak ekoizteko gai izango dena“.
Busturialdea-Urdaibai 2030 Nekazaritzako Elikagaien Estrategia
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Ekolurra, Hazi, Jangurie, Lorra eta Neikerrekin batera, Lan Talde bat aktibatu zuten 2020ko urrian, eskualdeko nekazaritza jarduera ildoan dinamizatzeko helburuarekin. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren balioekin.
Horretarako, 2021ean Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien estrategia 2030 onartu zen, nekazaritzako elikagaien sektore berritzaile, gaztetu eta lurraldera errotu baterantz aurrera egiteko ibilbide-orri gisa ulertuta. Ondorioz, lehen sektoreari laguntza emateko inplikatuta dauden erakundeek Busturialdea-Urdaibain tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Ekintza Plana abian jartzea adostu zuten.
Bost arlo ezberdinetan egituratuta dago, eta, horien artean, lurzorurako sarbidea eta nekazaritza-eragile berriak sartzea, nekazaritza sektorearen profesionalizazioa eta tokiko, ekologiko eta garaiko produktuen banaketa nabarmentzen dira. Horretarako, sentsibilizazio eta komunikazio ekintza desberdinak ere aktibatu dira, Busturialdeko herritarrei bertako produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz mezu bat helarazteko asmoz.