- Landa Garapen Elkarteak Busturialdeko familiei dei egiten die programan parte hartuko duten euskal diasporako gazteak etxean hartzera anima daitezen; gazteak Argentina, Uruguai eta Australiatik etorriko dira.
- Era berean, Urremendik udalen, ikastetxeen eta tokiko eragileen inplikazioa koordinatuko du, eta egonaldirako jarduera-programazio osoa antolatuko du; egonaldia ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean egingo da.
Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztemundu’ programak eta Batzen Kultur Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin sustatutako ‘Ateak Ireki’ ekimenak indarrak batu dituzte ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ izeneko proposamenean, euskal diasporako gazteekin lotura eta harremanak zabaltzeko eta sendotzeko helburua duen egitasmoa.
Testuinguru horretan, Busturialdea-Urdaibai lehen aldiz izango da harrera-lurralde, eskualdeko Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik. Hala, Euskadi Globalaren klabean elkar trukatzeko eta ezagutzeko esperientzia horrekin bat egingo du, aurreko edizioetan parte hartu duen beste eskualde batekin batera, Goierrirekin (Gipuzkoa) batera hain zuzen ere.

Ekimenak atzerriko euskal komunitateko berrogeita hamar gazte baino gehiago bilduko ditu, 18 eta 25 urte bitartekoak, hainbat herrialdetatik etorriak eta parte hartzen duten Euskal Etxeen federazioei lotuak. Busturialdea-Urdaibairen kasuan, gazteak FEVAren (Argentina), FIVUren (Uruguai) eta Australiako Euskal Elkartearen eskutik etorriko dira. Parte-hartzaile askok bizkaitar sustraiak dituzte.
Egonaldian zehar, eskualdean murgiltze-esperientzia biziko dute, eta horrek, bai gazteen arteko harremanak bai harrera-familiekin sortutako loturak sendotzea ahalbidetuko du, epe luzerako harreman pertsonal eta komunitarioak eratuz. Programaren azken helburua da parte-hartzaileak diasporan Euskadiren enbaxadore bihurtzea, gure herrialdearen eta atzerriko euskal komunitatearen arteko loturak indartuz.
Harrera-familiak
Lehen fase honetan, programaren berri ematea eta ekimena Busturialdeko familiei gerturatzea izango dira ardatz nagusiak. Familiek euskal diasporako gazteak eskualdean egingo duten egonaldian —ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean— etxean hartzeko aukera izango dute. Proiektuari eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.ateakireki.eus/urdaibai.
Horrez gain, Urremendik elkarlana bultzatuko du udalekin, ikastetxeekin eta tokiko hainbat eragilerekin, ekimena eskualdean garatzeko beharrezko lankidetza-esparrua sortzeko. Testuinguru horretan, Aitziber Ansotegi erakundeko gerenteak Busturialdeko udalekin bilerak egingo ditu, programaren planteamendua helarazteko eta tokiko esparrutik inplikatzeko aukera desberdinak partekatzeko eta lantzeko.
Egonaldia eskualdearekin lotutako jarduera-proposamen batekin osatuko da, eskualdearen errealitate sozial, kultural eta ekonomikora eguneroko eta bertako ikuspegitik hurbiltzeko aukera emango duena, ingurunearekin eta bertan bizi diren pertsonekin harreman zuzenak sustatuz.
Aitziber Ansotegiren hitzetan, “horrelako ekimenek, eskualdea hurbiletik erakusteko aukera eskaintzen digute, gure egunerokoan bizi duguna erakusteko aukera. Busturialdea-Urdaibaiko ateak are gehiago zabalduko ditugu harremanetarako espazio berriak sortuz, bertoko bizilagunen zein atzerritik datoztenen esperientziak aberastuz”.
“Gaztemunduari Ateak Ireki” ekimenarekin bat eginda, Urremendik eskualdearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, elkarlanerako dinamikak sustatuz eta Busturialdea-Urdaibai, testuinguru global batean, harrera, truke eta harreman gune gisa proiektatzen lagunduz.