Iluna Garbi
  • Apirilaren 23an egingo den saioak eskualdeko herritarrak informatzea eta implikatzea du helburu, ekosistema eta erlezaintza mehatxatzen dituen espezie inbaditzaile horri kolektiboki aurre egiteko. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Liztor asiarra (Vespa velutina) Euskadiko eremu askotako biodibertsitaterako, erlezaintzarako eta segurtasunerako mehatxu nagusietako bat bihurtu da. Busturialdea-Urdaibai eskualdean ere erle mota honen presentzia nabaria denez, Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak, Bizkaiko Erlezainen Elkartearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, informazio-hitzaldi bat antolatu du eskualdeko herritar guztientzat.

Hitzordua datorren astelehenean, apirilak 23, goizeko 12:00etan izango da Ekoetxea Urdaibain, Busturiko Madariaga Dorrean. Saio honen helburu nagusia tokiko biztanleak kontzientziatzea eta beharrezko ezagutza eta gaitasunak eskuratzea da, espezie inbaditzaile horri modu koordinatuan eta kolektiboan aurre egiteko.

Jardunaldian zehar, “Liztor beltza, Vespa Velutina Urdaibai 2025” izeneko txostena aurkezteaz gain, liztor asiarraren mehatxua zertan datzan, ingurumenari eta tokiko erlauntzei nola eragiten dien eta herritarrek haren kontrola izaten laguntzeko zer neurri har ditzaketen azalduko da. Gainera, etxeko tranpa eraginkorrak, material informatiboak eta prebentzio-estrategiak aurkeztuko dira, pertsona bakoitzak bere ingurune hurbiletik lagundu ahal izan dezan.

Eskualdeko bizilagunen inplikazioa funtsezkoa da espezie honek gure ingurunean eragiten duen kaltea murrizteko. Tranpa bakoitzak, keinu bakoitzak, gure ekosistema babesteko eta erlezainei laguntzeko balio du, horien lana ezinbestekoa baita ingurumenaren orekarako eta tokiko elikagaien ekoizpenerako“, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak.

Urremenditik bereziki eskertu nahi dugu Bizkaiko Erlezainen Elkartearen lankidetza aktiboa, bere ezagutza teknikoarekin eta esperientziarekin laguntza handia eskaintzen baitigu, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiaren babes irmoa ere, ezinbestekoa baita eskualde mailan horrelako ekimenak martxan jartzeko“, gaineratu du Ansotegik.

Urremendik gogorarazi du liztor asiarraren kontrola ez dela erakundeek edo erlezaintza-sektoreak soilik egin beharreko lana, baizik eta herritar informatuak, konprometituak eta jarduteko prest daudenak behar dituen erronka kolektiboa.

Hitzaldia eskualdeko biztanle guztiei zuzenduta dago eta sarrera librea izango da lekua bete arte. Bereziki gonbidatzen dira auzo-elkarteak, ikastetxeak, udalerrietako eragileak eta baratzeak, lorategiak edo aire zabaleko jarduerak dituzten pertsonak, habiak detektatzeko eta ezabatzeko zeregin garrantzitsua bete baitezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak