Iluna Garbi
  • Liburuak Urdaibai XIX. mendearen hasieratik Arku Atlantikoko turismoaren helmuga aitzindari gisa aurkezten du.
  • Jose Ángel Etxanizek idatzitako lana Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen lankidetzarekin argitaratu da.
  • Argitalpenak, gainera, XIX. mendeko argazki argitaragabeen sorta baliotsua biltzen du, eskualdeko garai hartako paisaiak eta gune turistikoak erakusten dituztenak.

Busturialdea-Urdaibaik erreferentzia berri bat du gaurtik aurrera bere ondare kultural eta historiografikoan. “Los orígenes del turismo y veraneo en Urdaibai. Los Orígenes (1830-1900)” izenburuko lana argitaratu du Jose Ángel Etxaniz “Txato” historialari eta ikertzaileak; eskualdeko turismoaren sorrerari buruzko lehen ikerketa sakona da, orain arte euskal historiografian ia landu ez den fenomenoa jorratzen duena.

Argitalpena Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpeko de Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak bultzatu dute. Lan honi esker, ulertu daiteke eskualdea protagonista izan zela Arku Atlantikoko turismo modernoaren hastapenetan, XIX. mendean “olatu-bainua” Europan zabaldu zen garaian.

Horren harira, gaur, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egindako aurkezpenean, Joseba Santorum, Urdaibaiko Erreserbako jarduneko zuzendariak hurrengoa nabarmendu du: “Liburu honek Urdaibaiko memoria historikoa aberasten laguntzen du, eta turismoa ez dela fenomeno berria ulertzen laguntzen digu. Horregatik, Erreserbatik argitalpen hau babestu eta herritarrengana hurbildu nahi izan dugu.” Bestalde, Aitziber Ansotegi, Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak azpimarratu du: “Garrantzitsua iruditu zitzaigun Urremenditik lan hau babestea, nondik gatozen eta turismoak Urdaibain izan duen bilakaera hobeto ulertzen laguntzen duelako. Gure ustez, horrelako lanek testuingurua eta zentzua ematen diete CETS bezalako estrategiei.”

Liburuak jasotzen duen ibilbide historikoa itsas ur gaziaren onura terapeutikoen bila Bermeo, Mundaka, Ea edo Elantxobera joaten ziren lehen “agüista” haiekin hasten da, eta 1848an Kortezubin bainuetxea ireki zen arteko garaia jasotzen du. Lanak zehazten duenez, Urdaibaik aspaldi hartzen zituen bisitariak, komunikazio-sare egokirik izan baino lehen. Laga edo Laidako hondartzetarako lehen errepideak XX. mendearen hasierara arte ez ziren iritsi, eta, ondorioz, Bermeo eta Mundaka bezalako portuak bihurtu ziren eskualdeko lehen turismo-gune, ordurako ostalaritza-azpiegiturak zituzten tokietan.

Ikerketak agerian uzten du, halaber, Sukarrieta eta Busturia bezalako herriek XIX. mendetik ostatuak zituztela eta bisitariak hartzeko gaitasuna zutela, baita Gernika-Lumok ere. Azken horrek Batzar Etxeari eta Gernikako Arbolari esker, goiz-goizetik erakarri zituen bidaiari, txangozale eta bisitariak, foru ikur gisa zuhaitz horrek pizten zuen interesagatik. Bizkaiko Batzar Nagusien ospakizunek jendetza biltzen zuten, eta Gernika zerbitzu-herrigune bihurtu zen, bizitza politikoan parte hartzeaz gain, haritz enblematikoaren inguruan sinbolikoki erromesaldia egiten zutenentzat ere. Horren adibide dira “Sanrokada” ezaguna —Iruñeko Orfeoiaren bisitagatik sortua— eta 1895ean Juntetxean izandako bisitari-erregistro historikoa.

XIX. mendeak aurrera egin ahala, osasun-bidaiek plazerezko bidaiari egin zioten lekua, eta eskualdeak bisitariaren profil berrira egokitu zuen bere eskaintza: festek, gastronomiak, ibilaldiek, txangoek eta ingurune natural pribilegiatuak Urdaibai udako helmuga gisa sendotzen lagundu zuten. Helmuga gisa finkatzeko prozesu horretan, trenbidearen etorrerak funtsezko rola izan zuen: irisgarritasuna handitu zuen eta gizarte-klase guztiei bainuetarako zein ingurune naturalerako sarbidea erraztu, turismoaren demokratizazioa bultzatuz. Testuinguru horretan, 1895ean Sukarrietan inauguratutako Chacharramendi hotela eliteko turismoaren erreferente bihurtu zen, “jende ederra” erakartzen zuen bisitagune gisa, eta eskualdeko MICE turismoaren lehen adierazleetako bat ere izan zen.

Arretaz dokumentatutako lan honek, gainera, Urdaibairen presentzia nabarmena agerian uzten du XIX. mendearen erdialdetik aurrera argitaratutako bainu-gidetan eta atzerriko bidaia-gidetan, hala nola Baedeker, Murray edo Hachette-n. Halaber, eskualdea bisitatu edo inspirazio-iturri izan zuten idazle, margolari, kazetari eta pertsonaia ospetsuen testigantzak jasotzen ditu, besteak beste Guiard, Zuloaga, Regoyos edo Manuel de la Costa y Cossío.

Liburua ekarpen baliotsua da Busturialdea-Urdaibairen ondare turistikoa aitortzeko eta ezagutzera emateko; izan ere, Euskadiko Biosferaren Erreserba bakarra da, eta Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin akreditatuta dago, turismo iraunkorraren printzipioak aplikatzeko borondatezko metodo eta konpromiso gisa. Gainera, XIX. mendeko argazki argitaragabeen sorta baliotsua eskaintzen du, garai hartako paisaiak, herriak eta turismo-enklabeak irudikatzen dituztenak, ikerketari dimentsio bisual paregabea emanez.

Argitalpen honekin, Etxanizek ikerketa zabalago baten lehen liburukia aurkeztu du, eta bertan 1901etik 1939ra bitarteko aldia zein frankismo garaia (1939–1975) jorratuko dira. Lan hau abiapuntu sendoa da eskualdeko turismoaren ibilbide historikoan sakontzeko, eta Urdaibaik Euskadin erreferentziazko helmuga gisa izan duen bilakaerari buruzko ezagutza kolektiboa indartzen laguntzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Erlazionatutako mezuak