- Urdaibaik aurrera egiten du irisgarritasuna hobetzeko, pertsona guztientzako egokitutako turismo-esperientzia bermatuko duten ekimen berriak martxan jarriz.
- Nabarmendu beharreko ekintzetako bat Laga eta Laida hondartzak lotzen dituen ibilbidea egokitu eta bertan QR kodeak dituzten plaka informatiboak jartzea izan da. Horien bidez, erabiltzaileek irisgarritasunari, garraioari, zerbitzuei eta interesguneei buruzko informazio zehatza eskuratu ahal izango dute.
Urdaibai urrats berriak ematen ari da irisgarritasunaren eta inklusioaren aldeko konpromisoan, eta gero eta sendoago finkatzen ari da Jomuga Turistiko Adimendun (HTA-DTI) gisa, FITUR 2024tik duen ziurtagiria. DTI baten bost ardatzetan (Gobernantza, Berrikuntza, Teknologia, Irisgarritasuna eta Jasangarritasuna) oinarritutako ebaluazioa egin ondoren, eskualdeak arreta berezia jarri du irisgarritasuna hobetzeko lanetan, izan ere, hori zen erronkarik handienak zituen esparrua.

Azken urtean, hainbat ekintza garatu dira turismo inklusiboagoa bermatzeko, aukera-berdintasuna sustatuz eta diseinu unibertsaleko estrategiarekin lerrokatuz.
Testuinguru horretan, irisgarritasunaren azterketa zehatza egin da Urdaibaiko turismo-baliabide garrantzitsuenetako zortzitan, hala nola Ekoetxea Urdaibain, Urdaibai Bird Centerren, Euskal Herria Museoan, Bakearen Museoan, Arrantzaleen Museoan eta Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako turismo-bulegoetan. Txosten horri esker, hobetzeko arloak zehaztu eta araudiak betetzen diren ebaluatu ahal izan da, eta etorkizuneko ekintzetarako oinarri sendoa ezarri da.
Gainera, Turismo Urdaibaiko bideo promozional eta informatiboak egokitu dira besteak beste, “Lo Natural es Volver” kanpainakoa eta “Urdaibai Bike Reserve” zikloturismoaren ingurukoa, zeinu-hizkuntzako interpretazioa eta azpitituluak gehituz. Horrela, entzumen-urritasuna duten pertsonek informazioa argi eta ulergarri jasotzeko aukera izango dute. Azpitituluei dagokienez, elkarrizketak ez ezik, soinu garrantzitsuen deskribapena ere barne hartzen dute, eta horrek bideoen irisgarritasuna hobetzen du bai entzumen-urritasuna dutenentzat, bai informazioa entzun beharrean irakurtzea nahiago dutenentzat.

Ildo beretik, mapa turistiko irisgarri berri bat diseinatu da, braillez transkribatuta eta Map ‘s Voice tresna integratuta, informazioa modu birtualean eskuratzeko aukera emanez. Diseinua ikusmen-desgaitasuna duten pertsonekin lankidetzan baliozkotu da, mapek kolektibo horrek eskatutako irisgarritasun eta erabilgarritasun estandarrak betetzen dituztela ziurtatuz. 3.000 aleren lehen edizioa eskuragarri dago jada eskualdeko hiru turismo bulegoetan.

Entzumen-desgaitasuna duten pertsonen arreta hobetzeko, bukle magnetikoak instalatu dira Urdaibaiko hiru turismo bulegoetan (Mundaka, Gernika-Lumo eta Bermeo), eta horrek komunikazio argiagoa eta interferentziarik gabekoa ahalbidetzen du audifono edo inplante koklearrak erabiltzen dituztenentzat. “Entzumen-behar espezifikoak dituzten bisitarien gizarteratzea bultzatzeaz gain, ekintza honek indartu egiten du jomugak irisgarritasun unibertsalaren eta diseinu inklusiboaren printzipioekin duen konpromisoa, Urdaibai Jomuga Turistiko Adimendun gisa garatzeko eskatzen diren estandarrekin bat eginez“, azaldu du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.

Aldi berean, Turismo Urdaibaik webgune berri bat garatu du, WCAG 2.1 estandarrei jarraituz, nabigazioa errazteko edukiak egituratuz eta zentzumen, mugimendu eta gaitasun kognitibo desberdinak dituzten pertsonentzako sarbide egokia bermatuz. Webgune hau lau hizkuntzatan dago eskuragarri: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.
Ekimen nabarmenetako bat Laida eta Laga hondartzak lotzen dituen ibilbidea egokitzea izan da, QR kodeak dituzten plakak instalatuz, irisgarritasunari, garraioari, zerbitzuei eta interesguneei buruzko informazio zehatza emateko. Baliabide digital honek hainbat hizkuntzatako audioak ditu eta QR kodeen bidez eskuragarri egongo da bi hondartzen arteko ibilbide honetan zehar.
“Ekintza horiek guztiek indartu egiten dute Urdaibaik turismo irisgarri, inklusibo eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa“, adierazi du Ansotegik. “Ilusioz eta erantzunkizunaz lan egiten dugu eskualdea pertsona guztiei harrera bikaina eskaintzen duen jomuga gisa finkatzeko, esperientzia ekitatiboa eta aberasgarria bermatuz“.
