- Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatutako organo-jaialdia uztailaren 19tik abuztuaren 15era izango da, eta hamar egunez, 15 artista desberdinek Busturialdeko 8 organotan erakutsiko dute beren trebetasuna.
- 2025eko edizioak, beti bezala, auditorium desberdinak betetzen dituzten entzule fidelak txunditu nahi ditu. Aurten, “Organoa Errege” izenburupean, jaialdiak Busturialdeko organoak balioan jarri nahi ditu eta horregatik, bereziki organo eta armonio horiei eskainia izango da UOJEren edizio hau.
- Kontzertuak eredu klasikoan garatuko dira eta iaz bezala, era desberdinetako ahotsek ere parte hartuko dute: sopranoak, tenoreak eta hirukoteak besteak beste.
- Jaialdiaren antolatzaile eta laguntzaileek instrumentu berezi hauen zaharberritze-lanen garrantzia azpimarratu dute. Hala, Bermeoko San Frantziskoko organoa, Arratzuko harmoniuma eta Muxikako organoa zaharberritze prozesuan daudela jakinarazi dute.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duen “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiak bere 21. edizioa ospatuko du aurten, “Organoa Errege” izenburupean. Musika klasikoko errepertorioan bereziki erakargarriak diren organo eta harmonium piezak izango dira ardatz, eta guztira 10 kontzertu eskainiko dira 9 udalerritan, uztailaren 19an hasi eta abuztuaren 15era arte. Azken urteotan ohi bezala, Mundakan hasi eta amaituko da kontzertu zikloa, eta bidean, Kortezubi, Gernika-Lumo, Axpe-Busturia, Arratzu, Bermeo eta Gautegiz-Arteaga bezalako herriak bisitatuko ditu.

Urdaibaikoa Europa mailako organo eta harmonium ikuskizunik nabarmenetakoa bihurtu da. 2024an bakarrik ia 4.000 pertsona bildu zituen jaialdiak. Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak, Joxe Benantzi Bilbao UOJEko koordinatzaileak, eta Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan aurkeztu dituzte gaur goizean 21. edizio honen xehetasun guztiak.
Iazko proposamen arrakastatsuari eutsiz, aurten ere organoa eta ahotsa uztartuko dira. Busturialdeko ondare instrumental zoragarriak soprano, tenore eta hirukoteen ahotsekin bat egingo du, esperientzia musikal paregabea eskainiz. Edizio honetan parte hartuko duten musikarien artean nabarmentzekoak dira Daniele Ferretti, Walter d´Arcangelo, Oscar Candendo, Alize Mendizabal, Willibald Guggenmoss, Christian Tarabbia, Vicent Bru, Cristina Barceló, Mikel Ansola, Aritz Labrador, Elise Rollin eta Julie Dey.
2025eko edizioak, beti bezala, auditorium desberdinak betetzen dituzten entzule leialak txunditu nahi ditu. Aurten, esan bezala, “Organoa Errege” izenburupean, jaialdiak Busturialdeko organoak balioan jarri nahi ditu eta horregatik, bereziki organo eta armonio horiei eskainia izango da UOJEren edizio hau. Instrumentu horiek guztiek balio historiko eta musikal berezia dute, eta hainbat kasutan berreskuratze prozesuan daude. Aurten bereziki nabarmentzen dira Axpeko (260 urte), Ibarrangeluko (120 urte) eta Arratzuko (175 urte) tresnen urteurrenak.

Zentzu honetan, jaialdiaren antolatzaile eta laguntzaileek instrumentu berezi hauen zaharberritze-lanen garrantzia azpimarratu dute. Hala, Bermeoko San Frantziskoko organoa, Arratzuko harmoniuma eta Muxikako organoa zaharberritze prozesuan daudela jakinarazi dute. Azken hau, Diego de Amezuak 1760an eraikitakoa, Muxikako San Bizente Martiriaren parrokian kokatzen da. Euskal Herrian aurkitu dezakegun iberiar estiloko organo bakarrenetarikoa, erromantizismoaren tresna benetan berezia.
Kultura, ondarea eta etorkizuna uztartzen dituen proposamena
“Altxor asko ditugu Urdaibain eta preziatuenen artean, gure herrietako organoak ditugu. Gure elizateetan belaunaldiz belaunaldi zaindu izan den ondare bizia. Horregatik, guretzat jaialdi hau ez da soilik kontzertu ziklo bat, baizik eta gure arbasoek sortu zuten ondarearen balioan jartzeko hitzordua da. Udako aisialdirako kultur-proposamen bat izatez gain, gurea dena zaintzeko eta balioan jartzeko ekimena da“, gogorarazi du Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.
Bestalde, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak, jaialdia urtez urte sendotzen ari dela azpimarratu du. “Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor jaialdia ez da soilik Bizkaiko kultura aberasten duen proposamen bat, baizik eta gure ondare historikoaren transmisiorako funtsezko ekimena dugu, ezinbesteko hitzordua guretzat. Bizkaian eta bereziki eskualde honetan ditugun organo eta armonioek ez dute parekorik, eta horietako askoren biziraupena posiblea da jaialdi hauei esker. Bizkaiko Foru Aldunditik argi dugu kulturaren eta ondarearen arteko lotura indartu behar dela. Horregatik babesten dugu jaialdi hau urtez urte, musikaren bidez gure historiaren parte diren tresna hauek balioan jarri eta belaunaldi berriei helarazteko“, eskertu du aldundiko arduradunak.
Joxe Benantzi Bilbao, kontzertu zikloaren koordinatzailea, pozik agertu da eskualdeko publiko fidelak jaialdiaren edizio berri batez gozatzeko aukera izango duelako. “Aurtengo edizioak entzule leialen gozamenerako prestatutako programa zoragarria dakar. Europa mailako organista ospetsuak eta ahots eta tresna konbinazio bereziak entzuteko aukera izango dugu. Baina, gure helburua ez da bakarrik goi-mailako musika ikuskizun bat eskaintzea, baizik eta entzuleak hunkitzea, antzinako tresnen soinuak eta artista garaikideen interpretazioak uztartuz. Jaialdia esperientzia oso bat da: gure historia, ondarea eta musika bizi ahal izateko aukera paregabea” adierazi du jaialdiaren koordinatzaileak. Bilbaok ez du zalantzarik izan aldi honetan egin den eta egiten ari diren zaharberritze-lanen garrantzia azpimarratzeko. “Urtez urte lortzen dugu tresnaren bat zaharberritzea, eta horrek erakusten du jaialdiaren zentzua eta inpaktua. Muxikakoa bezalako kasua adibide argia da: balio kalkulaezina duen tresna bat galzorian egon da, eta azkenean, lan eta konpromiso nekaezinaren ondoren, zaharberritzen ari gara. Gure betebeharra ondare hau etorkizuneko belaunaldiei transmititzea da”.
Kontzertuen egutegia

Kontzertuak uztailaren 19tik abuztuaren 15era bitartean egingo dira, eta emanaldi gehienak asteburu eta jai egunetan programatu dira. Programazioa honako hau izango da:
- Uztailak 19 (20:00), Mundakako Andra Maria eleizan: DANIELE FERRETTI (organoa)
- Uztailak 24 (20:00), Kortezubiko Santiago Apostolua eleizan: COR DE NUIT TRÍO (armonioa eta ahotsa)
- Uztailak 25 (20:00), Gernika-Lumoko San Bartolome-Mertzede parrokian: ALIZE MENDIZABAL (organoa)
- Uztailak 26 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Maria eleizan: WALTER D´ARCANGELO (organoa).
- Uztailak 31 (20:00), Gernika-Lumoko Andra Maria eleizan: OSCAR CANDENDO (organoa).
- Abuztuak 2 (20:00), Arratzuko Santo Tomas eleizan: BENANTZI BILBAO (armonioa)
- Abuztuak 3 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Maria eleizan: CHRISTIAN TARABBIA (organoa).
- Abuztuak 9 (20:00), Gautegiz-Arteagako Andra Maria eleizan: VICENT BRU (organoa) eta CRISTINA BARCELÓ (sopranoa).
- Abuztuak 10 (20:00), Bermeoko San Andra Maria eleizan: MIKEL ANSOLA (organoa) eta ARITZ LABRADOR (txistu).
- Abuztuak 15 (20:00), Mundakako Andra Maria eleizan: ELISE ROLLIN (organoa) eta JULIE DEY (sopranoa).
Gogoratu behar da jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta udalerri hauen babesa duela: Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi eta Mundaka.
Aurtengo edizioko organo, programa, artista, argazki eta bideoei buruzko informazio gehiago www.uoje.org web orrialdean eta Facebook-eko eta Instagram-eko profiletan kontsulta daiteke.
