- Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako Udalak batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Busturialdeko XI. Enpresa Ideia Lehiaketako sariak banatu dituzte gaur arratsaldean.
- Aurten 14 enpresa-ideia aurkeztu dira guztira. ‘RECISIL’ silikonaren birziklapenean oinarritzen da, eta jasangarritasun industrialaren erreferente bihurtzea du helburu. ‘Vacaciones adaptadas’ Busturialdean desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzako bidaietara eta oporretara egokitutako baliabide eta zerbitzuen eskaerari erantzuteko sortu da.
Busturialdeko XI. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izan da gaur arratsaldean Busturiako BBK Klima Abentura parkeko instalazioetan. Ekitaldian izan dira Teresa Laespada, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatua; Ignacio Rodríguez, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako zuzendari nagusia, eta Ainhoa Elortegui, BBK-ko ingurumen eta garapen iraunkorreko arduraduna, Busturialdeko hainbat udalerritako alkate eta zinegotziez gain.
‘RECISIL’ izeneko proiektuak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta ‘Vacaciones adaptadas’-ek bigarrena, 2.000 eurokoa. Diruzko sariaz gain, bi irabazle hauei, Torrealday Aholkularitza enpresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa
2024ko edizio honetan 14 enpresa-ideia aurkeztu dira guztira, iaz baino sei gehiago, baina ez da lehen sektorera bideratutako ideiarik aurkeztu, eta, beraz, kategoria horretako saria eman gabe geratu da. Eta gizarte-berrikuntzara bideratutako eta gizartean eragin positiboa izateko gaitasun handiagoa duen enpresa-proiektuaren sari bereziaren ideia “Vacaciones adaptadas” izan da ere; beraz, maila altuago bateko beste sari bat jaso duenez, zuzkidura eman gabe geratu da, lehiaketaren arauek adierazten duten bezala.
Proposamen irabazlea, ‘RECISIL’, silikonaren hondakinen kopuru handia ikusita sortu da. Proiektua silikonaren birziklapenean oinarritzen da, bere oinarrizko osagaietara deskonposatuz eta birziklatutako produktu berriak sortuz, ingurumenari kalterik egin gabe eta karbono-aztarna murriztuz. Eredu zirkular bat erabiliz, material birziklatua silikona birjina ordezkatzeko erabiltzen da. Produktu nagusia birziklatutako silikonaz egindako estaldura bat izango da, hainbat sektoretan erabilgarri (gainazalen tratamendua, itsasgarriak, etab.). Proiektua lehiakorra eta jasangarria izateko diseinatuta dago.
Kokapen egokia Busturialdea litzateke, industria eta garapen jasangarrirako proiektuetarako ingurune egokia baita. Proiektu honek Euskadin jasangarritasun industrialaren erreferente bihurtzea bilatzen du.
‘Vacaciones adaptadas’ proiektuak bigarren saria eskuratu du eta Busturialdean desgaitasuna duten eta mendekotasuna duten pertsonentzako bidai eta oporretara egokitutako baliabide eta zerbitzuen eskaera asetzeko sortu da. Proiektua kooperatiba batetik abiatuta sortu da, Gernikan kokatuta dagoena, eta opor eta irteera egokituak eskaintzen ditu pertsona guztien beharretara moldatuta. Bere helburuen eta jarduera-ildoen artean honako hauek daude: Busturialdeko eguneko irteerak eta txangoak inklusioa sustatzeko, pertsonalizatutako bidaiak (asteburuko ihesaldiak, oporrak irletara, etab.), egokitutako espazioak (hotela, garraioa, higienea) eskainiz desgaitasuna duten turistei arreta ematea.
Helburua autonomia mugatua duten pertsonei beren ametsak bete ditzaten laguntzea da, beren familia edo zaintzaileen gain sarritan dagoen zama arinduz. Proiektua Gernikan kokatzea da proposamena, eskualde osoari mesede egingo dion turismo irisgarri eta inklusiboa sustatuz.
Guztira, 5.000 euro banatu dira gazte ekintzaileei laguntzeko eta hauen enpresa proiektu berriak abian jartzeko. Lehiaketa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, eta Busturialdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea eta enplegua sortzea du helburu.
Sariak Teresa Laespada, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatuak eta Urremendi Landa Garapene Elkarteko zein Gernika-Lumo eta Bermeoko Udaletako ordezkariek eman dituzte.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Joseba Irazabal, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria eta Lanbide Ekimenak-eko Autoenplegu eta Enpresa teknikaria; Jokin Garatea Gerrikagoitia, Busturialdeko Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkaria eta Foruko zinegotzia; Nerea Mintegi, Bermeoko Udaleko ordezkaria eta Bermeoaldeko Behargintzako teknikaria; Leire Zaballa, Bizkaian HAZIko ekintzailetza-teknikaria; eta Ziomara Gezuraga, Barrutialde BHIko zuzendaria. Epaimahaiak kontuan hartu ditu, besteak beste, proposamenen izaera berritzailea, balio erantsia eta originaltasuna, kalitatezko enplegua sortzeko ahalmena eta eskualdean garatzeko gaitasuna.
Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, laneratzea errazteko, ideia berritzaileei irteera emateko eta enpresa interesak saritzeko.